Hemendik hartutako artikulua: http://www.goiener.com/eu/2015/02/lau-ikastetxe-eta-kiroldegia-egur-ezpalaz-berotzen-ditu-berako-udalak/
Toki Ona institutua (Nafarroako Gobernuaren titulartasunekoa, eta hitzarmen bidez proiektuan sartu dena), Mukixu haur eskola, Toki Ona udal kiroldegia, Ricardo Baroja eskola publikoa eta Labiaga Ikastola dira Udalak berotzen dituen eraikinak, egun-ezpala erabiliz. Bortz eraikin horietatik lauretan egoera hagitz txarrean ziren berokuntza sistemak, eta ondorioz, inbertsio handia egin behar zela ikusita, Berako basoetako egurra erabilita berokuntza sistema bateratua egiteko asmoa landu zuen udalak. Gaur-gaurkoz, bertako basoetako egurra erabiltzen ez duen arren, epe motzean horrela izan dadin urratsak ematen ari da, Berako Udalaren jabetzakoak diren oihanak aprobetxatuz, tokiko zerrategi batek egur-ezpala egingo du.
400.000 euro inguruko inbertsioa egin du Berako Udalak, horietatik 150.000 Nafarroako Gobernuak paratu ditu, institutuko instalazioari dagozkionak, eta bertze 38.000 Cederna-Garalur garapen agentziaren bidez, LGP-PDR Europako funtsetatik lortu zituen.
Berako Udalak urtetan diru-sarrera ugari lortu izan du bertako oihanak ustiatuz. Egurraren sektoreak izan duen gainbeherak, diru-sarrera horiek nabarmenki murriztearekin batera, oihana bera kudeatzeko arazo ugari eragin dizkio Udalari. Proiektuak, beraz, helburu hirukoitza du, hortaz: energia modu jasangarrian sortzea, eta tokian bertan sortuta dependentzia energetikoa murriztea; ingurumenarekiko errespetu handiagoa duten eredu jasangarriak bultzatzea, 2020rako CO2 isurketak %20 murrizteko konpromisoaren baitan; eta bertako oihanaren kudeaketa iraunkorra bermatzea.
Ez da hau, hala ere, energia-gastu jasangarriagoa egiteko, eta hau murrizteko Berako Udalak hartu duen neurri bakarra. Hala, udal eraikinetan ura eta energia auditoriak gauzatu ditu, argiteri publikoaren auditoria egin du, eta hainbat neurri hartu ditu, bereziki uraren kudeaketarekin loturikoak, bertzen artean, isolamendua hobetu, energia-murriztaileak jarri, eta kontzinetziazio kanpainak egin ditu. Gainera, udaletxean ere pellet bidezko biomasa galdara instalatu zuen iaz. Energia murrizteko konpromiso horretan, Alkateen Ituna sinatu zuen joan zen udaberrian, 2020rako CO2en isurketa %20 murriztea, eraginkortasun-energetikoa %20 hobetzea, eta energia-eskariaren %20 energia berriztagarrien bidez asetzea helburu harturik. Halaber, Goiener Energia Kooperatibako bazkide egin zen lehen udala izan zen. Datozen asteetan argiteria publikoa eta hainbat udal eraikinetako argindarra Goienerrek hornituko ditu.
Irudia: Xabier Armendaritz