Obstaculizando el autoconsumo, ése el el título del artículo de Ainara Arratibel en 
Berria
          
Euskaraz ere, badira artikulu mamitsuak kontu salagarri honen inguruan. Jende guztia ohar dadila egiten ari direnaz
         
Espainiako 
Gobernuak autokontsumo energetikoaren inguruan onartu nahi duen 
egitasmoak kezka eragin du energia fotovoltaikoa sortzen duten ekoizleen
 artean. Besteak beste, ordainsari bat ezarri nahi die sortzen duten 
energiagatik, eta ez die inolako hobaririk eman nahi.
 
 Ainara Arratibel Gascon
Zentzugabea, kezkagarria, atzerakoia... Energia aditu eta talde 
ekologista askok halaxe definitu dute Espainiako Gobernuak autokontsumo 
energetikoa arautzeko egin duen azken lege zirriborroa. Hiru urte dira 
lan horretan ari dela, baina legegintzaldia amaitzear dagoela onartu 
nahi du. «Europako herrialde gehienak eguzki energia eta autokontsumo 
energetikoa bultzatzen ari dira; guri, ordea, oztopoak jartzen ari 
zaizkigu, energia konpainien interesen mesedetan», salatu du Jose 
Antonio Cabrerok, energia fotovoltaikoa ekoizten duten erabiltzaileak 
biltzen dituen elkarteko Nafarroako ordezkariak. 
Erreforma 
energetiko bat egin  zuen Espainiako Gobernuak 2013an, eta bertan jaso 
zuen autokontsumo energetikoa arautzeko beharra. Jose Manuel Soria 
Industria ministroak hasieratik esan zuen zein zen erreformaren eta 
ondoren hartuko ziren neurrien helburua: defizit elektrikoa gutxitzea. 
Soriaren ustez, energia berriztagarriek izandako garapenak ez zuen 
horretan laguntzen. Alderantziz, hitz artean esan zuen energia 
berriztagarriak «arazo bat» zirela. Hori kontuan hartuta, oposizioko 
alderdiek, talde ekologistek eta energia berriztagarrien sektoreak kezka
 agertu zuten autokontsumoaren inguruan Espainiako Gobernuak har 
zitzakeen neurrian inguruan. Lege zirriborroan jasotzen denak kezka 
horiek areagotu ditu.
Espainiako Gobernuak onartu nahi duen 
egitasmoak hiru ardatz ditu. Batetik, autokontsumoaren alde egiten duten
 ekoizleek ordainsari bat pagatu beharko dute ekoitzi eta kontsumitutako
 energiagatik. «Elkartasun kontua da, haiek ere erabiltzen baitute sare 
elektrikoa, eta beste edozeinek bezala ordaindu egin behar dute horren 
mantenuagatik», defendatu zuen Soriak. Bestalde, ordainsaria ezarriko da
 paneletan bateria edo energia pilatzen duten gailuak jartzeagatik. 
Gailu edo bateria horietan pilatzen den energia eguzkia ez dagoen 
orduetan erabiltzen dute autokontsumoa egiten duten erabiltzaileek. 
Gainera, autokontsumoa egiten dutenek ez dute hobaririk jasoko sortzen 
duten gehiegizko energia sare orokorrera bideratzeagatik. Jaso nahi 
badute, enpresa bat sortu beharko dute, merkataritza erregistroan izena 
eman, eta BEZa ordaindu.
Hego Euskal Herrian kexuak nagusi izan 
arren, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan oso bestelakoa da 
egoera. Han, autokontsumoa bultzatzen ari dira. Gainera, Frantziako 
Gobernuak duela gutxi ezarritako araudiaren arabera, eraikin komertzial 
berriek eguzki panelak izan beharko dituzte. Horrela, eraikin horiek, 
energia sortu, eta haien elektrizitate kostua gutxitu nahi dute. Neurri 
hori eraikin berri guztietara zabaltzea nahi dute ekologistek.  
Azken
 urte hauetan, hainbat zirriborro izan ditu esku artean Espainiako 
Gobernuak. «Neurri batean, estrategia kontu bat izan da, legeztatua ez 
zegoenez jende askok nahiago izan duelako zain egon panelak jartzeko», 
uste du Gorka Bueno EHUko irakasle eta energian adituak. Zirriborro bat 
izan arren, «kezkaz» ikusten du Cabrerok egitasmoa, eta argi du zein den
 Espainiako Gobernuaren helburua: «Beldurra sartu nahi diete 
autokontsumoaren alde apustu egin nahi dutenei. Izan ere, zirriborroa 
aurrera aterako balitz, ekoizle arrunt batek 31 bat urte beharko lituzke
 plakak jartzerakoan egindako inbertsioa berreskuratzeko. Hori jakinda, 
asko hasiak dira dagoeneko atzera egiten». Goiener energia enpresak ere 
ez du egoki ikusten Madrilen apustua. «Guk beti egin dugu apustu eredu 
energetikoa aldatzearen alde, eta hau atzerapauso bat iruditzen zaigu», 
nabarmendu du Alex Lopezek, enpresaren bazkide sortzaileetako batek. 
«Gure ustez, autokontsumoa erregulatu egin behar da, lege babes bat izan
 behar du. Izan ere, orain arte hutsune bat egon da alor horretan, 
erdizka arautu baita. Baina argi dago araudi hau ez dela egokia, interes
 ekonomikoak sozialei gailendu zaizkielako».
Espainiako 
Gobernuaren asmoa «penaz» ikusten du, aldiz, Angel Hurtadok, Solarfam 
enpresako ingeniariak. Eguzki plakak jartzen ditu enpresa horrek. 
«Ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik oso beharrezkoa da 
autokontsumoa, eta zirriborroan jasotzen denak ez du hori bultzatzen». 
Baina ikuspegi baikorrago bat eman nahi izan du. «Trabak eta zalantzak 
egon arren, asko dira energia fotovoltaikoaren alde egiten ari direnak. 
Guk, adibidez, Lodosan hainbat plaka jarriko ditugu Gumendi Produktu 
Ekologikoak enpresan. Hogei familiak adina energia autokontsumituko 
dute».
Madrilen asmoen aurrean, lau adituen arabera ezinbestekoa 
da energia eredua aldatzea. Hala, Buenok argi du zer egin behar den hori
 lortzeko. «Klima aldaketari eta baliabide fosilen agortzeari aurre 
egiteko, osorik karbonogabetu behar dugu mende erdirako ekonomia».
Balantze netorik gabeZirriborrotik
 Buenori gehien kezkatzen diona energia balantze netoa egiteko aukerarik
 ez ematea da. «Balantze hori sortzen eta kontsumitzen denaren arteko 
aldea da. Balantzea positiboa bada, fakturaren bidez kitatzen da. Urte 
osoko balantzea kontuan hartuta egitea litzateke onena, baina ez da 
egiten. Horrenbestez, soberan geratutako energia oparitu egin behar 
duzu. Beste leku askotan, balantze hori onartzen da, baina hemen guztiz 
murriztuta dago, elektriken interesengatik».
Autokontsumoa egiten
 dutenei ordainsaria jartzeko arrazoia azpiegituren erabilera izatea 
«aitzakia hutsa»iruditzen zaio. «Kontsumitzaile guztiok onartzen dugu 
sare orokorrerako sarbidea ordaindu behar dugula, baina ez bi aldiz, 
autokontsumoa egiten dutenekin egin nahi duten bezala. Izan ere, 
kontsumitzaile eta ekoizle moduan kobratu nahi diete. Autokontsumoagatik
 kobratzea zentzugabea da. Egin nahi dutena oso gogorra da. Izan ere, 
eskala txikiko ekoizleei egiten die batez ere min».
Baterien 
erabilera zergapetzea ere «bidegabea» iruditzen zaio Cabrerori: 
«Europako zuzentarauek diote banandutako energia sorkuntza erraztu eta 
bultzatu behar dela, eta, horretarako, ezinbestekoa da energia metatzeko
 eta gordetzeko sistemak bultzatzea; hau da, bateriak. Nahiz eta 
bateriek ere beren mugak dituzten». Lopezek gogorarazi du, gainera, 
bateriek aukera emango luketela balantze netoa egiteko. «Baina ez dute 
nahi. Gainera, bateriak baimenduz gero, energia konpainiak beldur dira 
bezero gehiago galduko ez ote dituzten, eta horregatik zergapetu nahi 
dituzte. Autokontsumorako utziko duten aukera bakarra saretik 
deskonektatzea da, eta horrek energetikoki isolatu egiten zaitu».
Bestalde,
 lauretako batek ere ez du egoki ikusten sobratutako energia sare 
orokorrera bideratzeagatik hobaririk edo abantailarik ez jasotzea. 
«Behintzat, zuk emandako watt bakoitzeko bat eman beharko lizukete doan 
saretik. Sistemarik bidezkoena da hori, eta posible da teknikoki. Hori 
ez egiteko erabiltzen dituzten arrazoiak aitzakia dira», nabarmendu du 
Lopezek. Horri lotuta, argi du Espainiako Gobernuak ez duela 
autokontsumoari buruzko eztabaida bat zabaldu. «Horretan ere 
inposaketaren bidea aukeratu du».
Gainera, Lopezek gogorarazi du 
orain hartutako erabakien ondorioak etorkizunean ordaindu beharko 
direla. «Legeak arrazoia emango digu, baina, bitartean, aukerak galtzen 
ari gara». Iritzi bera eman du Cabrerok. «Beste herrialdeak beren bidea 
egiten ari diren bitartean, guk orain arteko eredutik askatu ezinda 
jarraitzen dugu».
Bestelako aukera batzuk ere galtzen ari direla 
gogorarazi du. «Adibidez, lanpostu ugari sortuko lirateke energia 
fotovoltaikoa bultzatuta. Lanpostu horiek, gainera, jasangarriak eta 
errentagarriak izango lirateke». Enpresei ere erreparatu die. «Enpresa 
dezente itxi dira krisi garaian energiaren prezioan izandako igoera dela
 eta; azken batean, fakturak ezin ordaintzeagatik. Beraien energia sortu
 ahal izango balute,  askoz diru gehiago aurreztuko lukete, eta 
merkatuan lehiakorragoak izango lirateke». Gainera, Hurtadok gogorarazi 
du herrialde baten dependentzia energetikoa txikiagoa dela 
autokontsumoaren alde eginez gero. «Norbanakoen kasuan ere gutxitu 
egiten da dependentzia hori, eta egun fakturarekin ditugun gorabeherak 
kontuan hartuta, oso inportantea da hori». Horri lotuta, azaldu du  
autokontsumoan inbertitutako euro bakoitzeko %10 inguruko 
errentagarritasuna lortzen duela enpresa batek, eta norbanako batek, 
gutxienez %1-%2.
Bestalde, azken urteetan energia fotovoltaikoa 
sortzeko azpiegituren prezioak izandako jaitsiera berretsi du Buenok. 
«10 urtean, zelula fotovoltaikoen prezioa %85 jaitsi da, eta sistemaren 
prezioak harekin batera egin du behera, ia %70. Autokontsumoa erraztu 
eta erregulatuko balitz, elektrizitate fotovoltaikoak ez luke 
laguntzarik beharko une honetan». Gainera, eta prezioei lotuta, 2013an 
akordio bat sinatu zuen Txinarekin Europako Batasunak, handik ekarritako
 panelei buruzkoa. «Oso prezio baxuan ekartzen dira».